2007/01/19

EUSKARAREN EGOERA SOZIALA

Euskararen egoera soziala

Hiztunen kopuruak

Euskara Euskal Herriko zazpi herrialdeetan mintzatzen da, baina beste bi hizkuntza handiren eragin nabarmena jasaten du: espainierarena eta frantsesarena.

Eusko Jaurlaritzaren 2001eko Euskal Herriko Soziolinguistikako Inkestaren datuen arabera, une honetan diren euskaldunen kopuruak herrialdeka, hauek dira:

Nafarroan biztanleen %10,3 elebidunak dira, %6,6 elebidun hartzaileak eta %83,1 erdaldun elebakarrak.

Gipuzkoan 15 urtez gorako biztanleen %48 elebidunak dira, elebidun hartzailearen kopurua %9,5 da eta %42,6 erdaldun elebakarrak dira.

Araban biztanleen %75,5 erdaldun elebakarrak dira, %13,4 elebidunak eta elebidun hartzaileen ehunekoa %11,1 da.

Bizkaian erdaldun elebakarrak %64,9 dira, biztanleen %22,4 elebidunak eta %12,6 elebidun hartzaileak.

Iparraldean lau biztanletik bat elebiduna da, hamarretik bat elebidun hartzailea eta gainerako bi herenak erdaldun elebakarrak.
Hiztunen bilakaera

Euskaldunen kopuruen bilakaera 1991-2001 hamarkadan
Euskararen status juridikoa herrialdeen arabera

Euskararen status juridikoa ere desberdina da herrialdeen arabera. Horrela, Euskal Autonomi Erkidegoan euskara hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera, Iparraldean ez du inolako aitorpen legalik eta Nafarroan, berriz, legeak herrialdea hiru zatitan banatu du eta legeak ezarritako eremu euskaldunean soilik da ofiziala. Gainerako bi eremuetan, mistoan zein erdaldunean, euskara ez da ofiziala. Horrela, esan daiteke euskara bost erregimen juridiko desberdinen menpe dagoela. Egoera honek hizkuntza- normalizaziorako eta hizkuntza-eskubideak bermatzeko zailtasun handiak sortzen ditu.
Normalizazio-bide malkartsua

Orain arte euskararen normalizazioaren alde lan handia egin bada ere, Hego Euskal Herrian gaztelania eta Ipar Euskal Herrian frantsesa oraindik nagusiak dira eremu askotan. Bide luzea egin du euskararen normalizazioaren prozesuak, baina egiteke dagoen bidea ere luzea da. Kontuan hartu behar da egungo egoera, besteak beste, estatuek beste bi hizkuntzak ezarri izanaren ondorioa dela. Euskara berreskuratzeko prozesua 1960ko hamarkadan piztu zen. Horrela, Hego Euskal Herrian hamarkada horretan hasi ziren lehenengo ikastolak zabaltzen, bertako umeek euskara ikas zezaten. Honekin batera, euskal kulturaren aldeko mugimendua piztu zen. Helduak euskalduntzeko lehen saioak garai horretan hasi ziren Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean. Halaber, euskararen corpusa garatzeko Euskaltzaindiaren lana ere izugarria izan zen, Euskara Batua lortzeko lehen urratsak eginez. Dagoeneko, Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren lehen bertsioa argitaratu eta beste arau batzuk finkatu ditu.
Euskara hezkuntzan eta komunikabideetan

EAEn eta Nafarroako zati batean Ikastolen sarearekin batera D eredua (euskaraz ikasteko eredua) eskola publikora zabaldu da eta horrela bertako umeek euskaraz ikasteko aukera dute. Hedabideei dagokienez, azken urteotan urrats nabarmenak egin dira, euskarazko hedabideak sortuz. Hala ere, Euskal Herrian dauden hedabide garrantzitsu gehienak erdal elebakarrak dira. Horrela, telebista nagusietatik bakarra da euskara hutsez emititzen duena; egunkarien artean bakarra da euskaraz egiten dena, Berria, eta gainera 2003an bere aurrekaria, Euskaldunon Egunkaria, Espainiako Entzutegi Nazionalak itxi zuen; aldizkari munduan ere nabarmena da erdararen nagusitasuna, nahiz eta herriz herriko aldizkari gehienak euskaraz egiten diren; irratiei dagokienez, gehienek erdaraz emititzen dute. Garai hauetan interneten bidezko komunikazioaren eta globalizazioaren garrantzia ukaezina da. Bi erronka inportante dira eta, zentzu honetan, ahalegin handiak egiten ari dira interneten euskararen presentzia areagotu eta hobetzeko. Goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko Nafarroan eta Iparraldean ezintasuna ia osoa da; izan ere, Nafarroan ikasketa batzuetan ikasgai gutxi baino euskaraz ez daudelako. EAEn ikasketa asko euskaraz egin daitezke eta bertako unibertsitate publikoan euskara normalizatzeko planak abian daude.
Erakunde publikoen lana eta gizartearen ekimena elkarren osagarri

1997an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortu zen, euskararen normalizazioaren prozesua areagotzeko. Horretarako bi jardunbide nagusi lantzen ditu: batetik, euskararen gizarte erakundeen arteko kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea eta, bestetik, gizarte-eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntza normalizatzeko proiektuetan partaide izatera bultzatzea. Egun 50 gizarte-eragile inguru biltzen dira Kontseiluaren barruan eta bere proiektu nagusia izan da Bai Euskarari izeneko Akordioaren plan estrategikoa bultzatzea eta garatzea. Eusko Jaurlaritzak, berriz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin du eta euskararen normalizazioa lortzeko plan estrategikoa da. Plan honek hizkuntza-politiken hiru ardatz nagusi aztertu ditu: euskararen geroratzea, erabilera-eremuak, eta komunikabideak eta kulturgintza. Eusko Jaurlaritzaren eta Kontseiluaren planak EAEko herri batzuetan batera garatzen ari dira. Argi dago euskararen normalizazioa lortzeko egindakoa inportantea izan bada ere, oraindik hizkuntza gutxiagotua dela eta funtzio sozial guztiak betetzetik urrun dagoela.
Egoera benetan kezkagarria da Nafarroan eta batez ere Iparraldean

Euskal Herriko egoera soziolinguistikoan aldeak daude lurralde batetik bestera: Nafarroako iparraldea, Ipar Euskal Herriko barnealdea, Bizkaiko ekialdea eta Gipuzkoa dira eremurik euskaldunenak; Araba, Bizkaiko mendebaldea, Iparraldeko kostaldea eta Nafarroako hegoaldea, berriz, erdaldunenak. Euskal Herriko hiriburuak edo metropoliak ere, hau da, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baiona (Donostia salbuespena da) ia erabat erdaldunak dira.

Euskarak gizartean duen ezarpena eta indarra arras desberdinak dira lurralde batetik bestera: euskara nabarmen egiten ari da gora Euskal Autonomia Erkidegoan; behera, Ipar Euskal Herrian; eta ez gora, ez behera Nafarroako Foru Komunitatean.

Iparraldean galerak irabaziak baino handiagoak dira eta Nafarroako irabaziak gizartean antzemateko txikiegiak dira oraindik; EAEn bakarrik dira irabaziak galerak baino handiagoak.

Euskararen erabilera ere etengabe ari da behera egiten Ipar Euskal Herrian; ez gora, ez behera Nafarroan; eta gora Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gehienak euskara sustatzearen aldeko dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean, azken lurralde honetan proportzioak zertxobait txikiagoak badira ere. Nafarroan ordea, aurkakoak dira nagusi.

No hay comentarios: