ASTIALDI HEZITZAILEAREN EGOERA. DIAGNOSTIKOA
Testuinguru sozialean gertatzen ari diren aldaketa ekonomiko, soziopolitiko, kultural eta demografikoak oso sakonak dira, oro har hezkuntza-jarduera osoari eragiten diotenak, eta ez hezkuntza ez formalari bakarrik.
Aipatutako aldaketa horiek ez diete eragiten hezkuntzaren helburu eta edukiei bakarrik (aniztasunerako hezkuntzari, aukera berdintasunerako hezkuntzari, hirueletasunari, teknologia berrien erabilerari...), baita hezkuntza-metodologiari (hezkuntzaren arloan teknologia berriak aplikatzeari) eta hori baino garrantzitsuagoak diren hezkuntzako eta sozializazioko agente berrien sorrerari ere.
Badirudi beharrezkoa dela etengabeko elkarrizketa sortzea gizartearen eta gizarteari eragiten dioten aldaketen artean, elkarrizketa horretatik egokitu ahal izango baitira etengabe denbora libre hezigarriak eman beharreko erantzunak. Izan ere, badirudi gaur egungo testuinguruan inoiz baino beharrezkoagoa dela haur, nerabe eta gazteen ondoan egongo den, gazte horiek askatuko dituen, parte hartzera bultzatuko dituen... denbora libre hezigarria sustatzea.
Horretarako, ezinbestekoa da ikastetxe, instituzio publiko (foru-aldundi eta udalak), talde, federazio eta denbora libre hezigarriko eskolen arteko lankidetza areagotzea, benetan hezigarria den aisialdia sustatuz joan gaitezen.
Nahiz eta hasiera bateko asmoa Bizkaiko Denbora Libre Hezigarriaren Mugimenduarentzako Plan Estrategikoa egitea izan, eta nahiz eta hainbat sare, federazio... egon, oraindik ezin dugu baieztatu “denbora libre hezigarriaren mugimendu” kontzienterik dagoenik, ez baitago honako ezaugarririk duen aisialdi mugimendurik: hezkuntza, aisialdi, eta gizarte-eraldaketarako helburu komunak, talde eta eskolen arteko lankidetzarako egitura formalak, ikastetxeak eta udalak bezalako bestelako oinarrizko agenteekin koordinatzeko espazioak eta azterketak, komunikazioa, proposamenak...
Horrelako ezaugarriak dituen mugimendu bat eratzeko urratsak ematen hasteko, agenteek pixkanaka-pixkanaka indartuz joan behar dute. Horrez gain, agente horien arteko lankidetzarako espazioak sortzen hasi behar da, eta espazio informalak finkatu behar dira, beharren araberako lankidetzazko egitura formalak sortzeko.
Horiek horrela:
1.Bizkaiko denbora libreko federazio eta eskola askoren arteko koordinaziozko esperientzia garrantzitsua da gaur egun Astialdi Foroa. Baina edonola ere, ezin dugu esan foroa aisialdiko talde guztien ordezkaria denik (talde horietako asko ez baitaude federaturik), eta ezta eskola guztiena ere (batzuk forotik kanpo baitaude: Plan Estrategikoa 2003 – 2006k daukan erronketako bat da foroa beste talde, federazio eta eskoletara hedatzea, foroak gero eta agente gehiago ordezka ditzan. Foroaren hurrengo plan estrategikoak agente guztien plana izan beharko luke, eta horrez gain, denbora librearen mugimendu osoa sustatzeko tresnetako bat ere bai.
2.Astialdi Mahaia suspertu beharko litzatekeela pentsatzen dugu, federazio-koordinakundeen (taldeen ordezkari gisa), aisialdiko eskolen, ikastetxeen (ziur asko federazioak izango dira beraien ordezkariak), Foru Aldundiaren, udalen eta mankomunitateen arteko harremana itxuratuz joan dadin. Gure iritzian, horrek izan behar du epe ertainean Bizkaiko denbora libre hezigarriaren mugimendua koordinatzeko egitura formala. Egitura horrek proposatuko lituzke denbora libre hezigarria sustatzeko egin beharreko planak.
ASTIALDI FOROA: AISIALDIAREN ALTERNATIBA
Gure gizartean asialdia gero eta zabalduagoa den errealitatea da eta esparru honetan ematen ari diren eskaintzak gero eta pluralagoak. Baina asialditik eskeintzen ari diren alternatiba hezitzaileak ere kontutan hartu egin behar dira. Izan ere eremu honetan gizarte-aldaketek direla eta hezitzaile-mota berri bat eskatzen ari da: malgua, erantzukizunak beregain hartu eta talde-lanean aritzeko gai dena, bere burua prestatzen jarraitzeko prest dagoena, erakundearen eginbehar eta helburuak beteko dituena, teknologia berriak ezagutu eta erabiltzen dituena, elebiduna edo hirueleduna, zabaldu nahi dituen baloreekin (askatasuna, autonomia, ezberdintasunaren balioa, elkartasuna) koherentea dena. Dudarik gabe alternatiba hor dago eta hezitzaile ere bada.
Hau dena gure inguruan ere gertatzen ari da, eta Astiladi Foroaren izatea horren islada da. Astialdi Foroaren helburua aisialdi hezigarria sustatzea da, eta horregatik, aisialdiko taldeak mantendu eta indartzeko lan egin nahi du bereziki, bere ustea baita aisialdiko taldeek gizarte-hezkuntzetako egintzan egon beharreko zenbait osagai biltzen dituela: boluntarioak eta tokian tokikoarekiko lotura.
Koordinakundea edo federazioa osatzen duten taldeei laguntzea dute helburu (informazioa eta baliabideak eskaintzea), batez ere taldeak eta begiraleak baitira beraien lanaren jomuga. Horretarako, zerbitzu hauek eskaintzen dituzte:
* Taldeen koordinazioa; planifikazioa elkarrekin egitea
* Instituzio eta bestelako entitate edo erakundeen aurrean ordezkari lanak egitea
* Prestakuntza
* Haur eta gazteei zuzendutako jarduerak (kirola, txango puntualak, elkarrekin antolatutako jarduerak...)
* Proiektuen kudeaketa
Aisialdiko eskolen helburua aisialdia sustatzea da. Horretarako, prestakuntza erabiltzen dute batez ere, tresna garrantzitsua baita hezkuntza-zereginetarako etengabe gaitu eta hobetzeko. Aisialdiko talde eta federazioei, gizartearen eta hezkuntzaren alorretan lan egiten duten erakundeei eta arlo horietan esku-hartzen duten pertsonei (boluntarioei, profesionalei...) zuzendua dago eskolen lana.
Ezin dugu ahaztu aisialdiko taldeek hezkuntza ez formaleko beharrei erantzuna ematen aurrekariak izan direla eta bakarrak urte osoan zehar eta testuinguru gertu batetik, hain zuzen ere, auzotik, herritik edota hiritik, hezkuntza eskeintza iraunkorra ematen duenak direla. Gaur ere asialdiko alternatiba hezitzailea errealitatea eta galdu behar ez dugun aukera da.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario