2007/01/11
Aisialdiko heziketaren bilakaera eta egungo egoera
Igone Etxebarria
Iker Martinez Iker Martinez
Josu Urbina
Aisialdiko heziketaren bilakaera eta egungo egoera
Ondoren, eguneko gaiari heltzeko, Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako Izaro Susperregik aisialdiko heziketaren bilakaeraren eta gaur egungo egoeraren diagnosia egin zuen.
Gauzak lehenengo momentutik argi izateko, argi eta garbi azaldu zuen "aisialdia eta denbora librea ez direla gauza bera". Aisialdia gozamena bezalako kontzeptuekin lotu zuen Izarok, eta gero aisialdi hezitzailearen gorabeheretan sartu zen buru-belarri, gizarte osoaren eta familiaren beraren aldaketek ere aisialdi hezitzailean izan duten eragina aztertuz. Hezitzaile nagusiak eskola eta familia izatetik, gaztelekuak, hedabideak, aisialdi taldeak eta bestelako eragileak ere agertu dira aisialdiko hezitzaile papera bereganatzen, gero eta indar eta presentzia handiagoarekin.
Susperregiren esanetan, azken hamarkadetan aisialdiko eskaintzak jasan dituen antolaketa eta profesionalizazio prozesuek aisialdia betebehar bihurtu dute neurri handi batean: haurren aisialdiko jarduna kaletik talde antolatuetara, auto antolaketatik talde antolatuetara, ardura gabekoa izatetik okupazio denbora izatera, iraupen luzeko proiektuetatik ekintza puntualetara, eliza girotik giro laikora, haurra sortzaile izatetik hartzaile izatera, balioen lanketatik trebatze lanetara, denbora ematetik denbora okupatzera, eta musutruk egindako lanetik lan ordaindua izatera pasatu da.
Etorkizunaren irudikapen bat ere egin zuen atzo Susperregik: aisialdiko heziketa bitarteko bat da, aisiaz gozatzen ikasteko. Etorkizuneko aisialdiko eskaintza bideratzeko hainbat gako ere eman zituen Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako ordezkariak. Umeei ume izaten utzi behar zaiela azpimarratu zuen Susperregik, eta salto egitea, oihukatzea, haserretzea eta erabakiak hartzea oso garrantzitsuak, eta osasungarriak ere badirela hezkuntza ez formaleko prozesuan.
Euskara Elkarteen aisialdiko eskaintza eta Abian Gidaliburua
Sonia Pérez Anguerak hartu zuen hitza ostean, Topagunearen aisialdiko eskaintzaren aurkezpena egiteko. Euskara Elkarteen aisialdiko eskaintzaren ezaugarriak azaldu zituen Topagunearen Haur eta Gazte Saileko arduradunak:
eskaintza planifikatua
jarraia (adin tarte zabala hartzen duelako, eta egutegi aldetik ere ez delako ekintza puntualetara mugatzen)
herritartasunean oinarritutakoa (herriko jendeak herriko jendearentzat sortua) malgua
kalitatezkoa (intuizioz sortutako eskaintzak, prestakuntzaren bidez, profesionalizaziorako pausuak egin ditu, profesionalak eta boluntarioak elkarlanean jartzen dituen eredu misto batean oinarrituta)
anitza (eredu eta euskarriei dagokienez)
integratzailea eta parte hartzailea
aukera berdintasunean oinarritutakoa
tokian tokikoa eta, aldi berean, Euskal Herrikoa.
Euskara Elkarteek urteotan garatu duten esperientzia jaso eta gizarteratzeko, Abian Gidaliburua ere aurkeztu zuen Soniak. Liburuak aisialdiko eskaintza antolatzeko laguntza eskaintzen du, formatu atsegin eta erabilgarrian.
Gidak lau atal ditu, txango baten antzera antolatutakoak:
ipar-orratza (sarrera teorikoa)
mapa
motxila (baliabideen gida)
ibilaldia (plangintza eredua)
Asmo erabat praktikoa du liburuak, eta formatua ere zaindu egin da liburua fisikoki ere erabilgarria izan dadin. Soniak esan zuenez, ez da apaletan gordeta izateko liburua, esku artean ibiltzeko, zirriborroz betetzeko eta eskuz esku pasatzekoa baizik.
Hezitzaileek asko egin dezakete
Atsedenaldia eta kafearen ostean, Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteko Iñaki Eizmendik hartu zuen hitza, bertan landutako metodologia azaltzeko. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko metodologia da, eta oinarriak Abian Gidaliburuan bertan jasota daude.
Metodologiaren helburua haurrekin lan egitean urteetan intuizioz egin izan diren gauzak aztertzea eta sistematizatzea da: ondo egin diren gauzak antolatzea, txarto egin direnak baztertzea, eta egiten ez direnak ere egiten hastea.
Horretarako, estrategia zehatzak landu dira, haur eta gazteak euskaraz aritzera bultzatzeko, eta estrategia horiekin lotuta, hezitzailearen portaera bideratzeko moduak ere sistematizatu dira: hezitzailea taldeko zentroa izan daiteke, baina baita talde partaide hutsa, edo taldetik kanpo dabilen laguntzailea ere. "Kokapen" horren arabera portaera bat ala beste bat erabili beharko du hezitzaileak haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko.
Helburu neurgarri eta betegarriak jartzearen garrantziaz ere mintzatu zen Eizmendi, oso ohiko akatsa baita helburu potoloegiak edo neurtu ezinak direnak ezartzea euskarazko aisialdiko ekimenak planteatzean. Halako helburu egokien adibide batzuk ere azaldu zituen Ttakun elkarteko kideak, beti ere haur eta gazteekiko eguneroko laneko eskarmentuan oinarrituta, eta helburu eta estrategietan oinarritutako planifikazio adibideak erakutsiz.
Eguneroko jarduneko adibide praktikoak ere jarri zituen Iñaki Eizmendik, umeekiko saiotan grabatutako bideoen bitartez. Irudiotan, argi eta garbi ikusi zen norainoko eragina izan dezakeen hezitzailearen jarrerak erdaraz ari diren umeak euskaraz hasteko, bai eta euskaraz ari direnak gainontzekoen eraginez erdarara ez pasatzeko.
Metodologia hori erabiliz, ebaluazioa egiteko orduan neurketa kuantitatiboak ere egiteko modua izaten da, eta hori oso tresna baliogarria da programazioak zuzentzeko eta baloratzeko orduan. Amaitzeko, Eizmendik iragarri zuen prozesu osoa burutzen laguntzeko aplikazio informatiko bat ere garatzen dabiltzala.
Euskararen erabilera ez sexista aisialdian
Goizeko azken ponentzia Bizkaiko Urtxintxa Eskolako Bea Medranorena izan zen. Medranok euskararen erabilera ez sexista izan zuen hizpide, eta Bizkaiko Urtxintxa Eskolak alor horretan egiten duen lanaren berri eman zuen.
Hezkidetza kontzeptuaren inguruko azalpenak eman zituen Medranok, eta lan kontzientea dela azpimarratu zuen. Kontua izan behar da gure inguruan androzentrismoa dela nagusi: gizonezkoak dira bizitza, pentsaera eta kulturaren ardatza, gauzen balorea emateko neurria gizona da. Horrek portaera sexista bultzatzen du, eta horren adibide gisa Bizkaiko Foru Aldundiaren Decídete / Zure aukera kanpaina jarri zuen adibidetzat: ekimen enpresarialak bultzatzeko kanpaina horretan, emakumeak ez dira inon ere agertzen.
Androzentrismo eta sexismo horren ondorio zuzena da, Urtxintxa Eskolaren iritziz, hezkidetzaren beharra. Hori dela eta, hezkidetza bere eguneroko jardueraren esparru guztietara zabaltzeko helburua bereganatu du Urtxintxak, eta horretarako baliabideak ere garatzen dabil (gidaliburuak, metodologiak, kanpaina...), begirale eta hezitzaileei tresnak eskaintze aldera.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario