2006/12/26

IBON SARASOLAREN USTEAN AISIALDIAREN KONTZEPTUA





Aisialdiak eta astialdiak


2004-03-10 / 07:06 / Ibon Sarasola HIZKUNTZA
Antza denez, zalantzak daude hainbat idazle eta itzultzaileren artean “ocio/loisir”-en eta ingurukoen euskarazko ordaina erabakitzeko orduan. Bi mezu izan ditut, argibide bila, asti, aisia, astialdi, aisialdi... eta abarren artean zein hautatu.


Egia esan, ez naiz oso trebea horrelako galderei erantzuteko, baina saiatuko naiz, eskaera egileei zor diedan errespetuagatik, kontuak nola ikusten ditudan azaltzen besterik ez bada ere.

Aukeretako lehena, aisia, iparraldeko tradizioko hitza da, gaur egun erabiltzen ez dena, esapideren batean edo -aisian, kasu- ez bada. Gure ondare jasoko hitza da, hortaz. Bigarrena, astia, bizirik dago, batez ere mendebaldean eta ekialdean. Astialdi eta aisialdi, berriagoak dira, tradizio urrikoa lehena, tradiziorik gabekoa bigarrena.

Gogoan dut orain dela urte batzuk Erkiaga zenak deialdi-ren aurka idatzi zuena, dei ez ote zen nahikoa argudiatuz. Arrazoia zuen, nik uste, baina arrazoia teorian soilik: egia da, esaterako, ingelesez aski-edo dutela call-ekin, baina deialdi ez da gaztelaniaren eragin hutsezko hitza, eta uste dut deialdi-k hobeto egiten ahal diola aurre, gaur eta hemen, convocatoria/convocatoire-ri dei-k baino. Gainera, ohikoa da dagoeneko gure idazleen artean, are ereduzkoen artean ere, eta ipar eta hegoaldeko idazleek erabiltzen dute, gainera. Ildo beretik, astialdi eta aisialdi erabat egokiak iruditzen zaizkit “ocio/loisir”-en mundu horretan erabiltzeko, tradizioa gorabehera.

Aisia eta astia-ri dagokienez, ez dira berdin tratatzekoak. Aisia berreskuratu egin du euskara batuak, “ocio/loisir” adieran erabiltzeko hain zuzen, Ereduzko Prosa Gaur-en, adibidez, ikus daitekeenez. Bestalde, aski da hor biltzen diren adibideak gaingiroki aztertzea ikusteko aski era abstraktuan erabiltzen dela aisia oro har.

Ez da gauza bera gertatzen asti-rekin: erruz erabiltzen da gaur egun ere, jakina, baina Gipuzkoa aldeko beta-ren kide eta baliokide gisa gehienbat. Hortaz, erabilera zabalegia du “ocio/loisir”-en adiera zehatzagoetan lasai bizitzeko, nik uste.

Beste hirurei dagokienez, hirurentzat ikusten dut nik tokia. Esanahi bertsua dute hirurek, baina ez da hortik segitzen sinonimoak direnik, ez baitira maila eta erregistro berekoak. Egungo erabilerari begiratuta, aisia-k dirudi hiruretan abstraktuena, eta egokia iruditzen zait “pedagogía del ocio” -aisiaren pedagogia- eta tankera horretakoen ordainak eratzeko. Beste biak denbora alderdia areago nabarmentzen dute. Bien artean, argi dago aisialdi jasoagoa dela astialdi baino, etorkiz nahiz itxuraz. Hortaz, “tiempo de ocio” eta “tiempo libre” ere, esanahi berekoak-edo izanik ez dira sinonimoak, eta, horiek horrela, badirudi hurbil dagoela “tiempo de ocio” aisialdi-tik eta “tiempo libre” astialdi-tik; ildo beretik, ez dut astirik eta ez dut astialdirik esapideen arteko aldea, “no tengo tiempo” eta “no tengo ratos libres” esapideen artekoaren antzekoa da agian; eta, ildo bertsutik, argi dago ez dela berdin “no tengo tiempo de ocio” eta “no tengo tiempo libre” esatea: pragmatikak erakusten digunez, lehena erabiltzen duena pedanteagoa dela jakiteko bederen balio digu...

Izan ere, ez dugu ahaztu behar euskarak inguruko bi erdaren ñabardura guztiak -baita pedanteenak eta ergelenak ere- emateko gai izaten saiatu beharko duela, hizkuntza horiekin ezinbestean duen lehiatik onik aterako bada

No hay comentarios: